Ibon Arrizabalaga etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Ibon Arrizabalaga etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko apirilaren 26(a), asteartea

Mikromatxismoen arrastoan



Iturria: AIZU! AEKren aldizkaria

Indarkeria-maila txikiko erasoak, asmo txarrik gabekoak, eguneroko jarrera matxistak, oharkabean pasatzen direnak… ez da erraza mikromatxismo hitza definitzea.

 Hitza, berez, Luis Bonino psikologoak 1990ean egindako ekarpen teorikoa da, tratu txar fisiko edota oso irain zehatzak ez diren bestelako jarrera batzuk izendatzeko. Boninok, beste mota bateko gehiegikeriak identifikatu nahian, adierazi nahi izan zuen ez dela beti egoten eraso edo mespretxu argirik, baizik eta badirela beste era bateko jokaera matxistak ere: gizonak etxeko lanen ardura ez hartzea, emakumeak egingo duelako; paternalismo kutsua duten komentarioak; gizonezkoak, emakumea oso txarto tratatu gabe, haren autonomia eta autoestimua murrizten dituzten jarrerak edukitzea… Alabaina, ondoko hiru testigantzek islatzen duten moduan, gaian adituak ere ez dira guztiz bat etortzen askotan. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi, Arkaitz Almortza.


ibon

“Matxismoaz ezer jakin nahi ez duen jende pila bat erakarrita sentitzen da mikromatxismoa entzutean”

Berdintasunerako eragilea da Ibon Arrizabalaga de Mingo (Orio, 1973), eta Arremanitz kooperatibako kide. Sexuen aniztasuna, parekidetasuna eta tratu onak sustatzen dituzte Arremanitzeko kideek eta, horretarako, hezkuntza komunitateko eragile guztiekin lan egiten dute: ikasleak, gurasoak, irakasleak, herri eragileak… Gizon taldeekin ere aritzen da.

Arrizabalagak ez du gustuko matxismoari mikro aurrizkia ipintzea. Beraren ustez, oharkabean pasatzen diren jarrera matxistek ez dute deus mikrotik, matxismo hutsa dira: “Gaur egun ukatu egiten da matxismoa dagoenik; esaten digute berdintasunean bizi garela. Hortaz, matxismoa ukatzen den neurrian, ez da ikusten. Badago, baina ez da ikusten. Ondorioz, eguneroko jarrerak ez dira matxistatzat hartzen. Tabernetan neskei ipurdia ukitzea ez dute jarrera matxistatzat jo-tzen batzuek. Hori zer da, mikromatxismoa  edo matxismo hutsa eta bortizkeria fisiko eta sexuala?”. Arrizabalagaren aburuz, hortxe dago gakoa: “Ikusten ez badugu, mikromatxismoa da? Edo trebatu beharra dugu ikusten jakiteko mikromatxismoak iruditzen zaizkigun horiek zein handiak diren eta zer nolako konnotazio zabalak eta irismen luzekoak diren?”.