2022(e)ko urtarrilaren 16(a), igandea

Mendaroko II.Berdintasun plana

 Kaixo guztioi!

         Azken hilabeteetan zaila egin zaigu biltzea eta hori da argitalpen hau horrenbeste atzeratzearen arrazoia. Aurrekoan jakinarazi genizuen Urriak 29an bilera izan genuela eta bertan adostu zela planaren zirriborroa bidaliko zigutela ekarpenak egin ahal izateko eta azaroak 18an elkartuko ginela berriro ekarpenak aztertzeko.

        Ikusita ez genuela zirriborroa jasotzen eta guk hau irakurri, aztertu, eta elkarrekin eztabaidatzeko denbora behar genuela jakinda, udalera deitu genuen honetan galdetuz. Azaroak 11an ondorengo emaila jaso genuen:

"Egun on

Mendaroko Emakume eta gizonen arteko II  berdintasun  planari dagokionean azalpen hauek eman nahi dizkizuegu:

  • 2020 eta 2021. urtean, egin diren ekintzen  agiri bat bidaltzen dizuegu.

 

  • Azken fasean, udalak, Emakunderi bidali zion, Planaren zirriborroa eta ondoren beraien eskatutako iradokizunak Planean txertatu ditugu. Eta bidaltzen dizuegu behin betiko Plana

Era berean, eskerrak eman, Mendaroko Emakume eta gizonen arteko II berdintasun  planari ekarpen berriak egiteko erakutsi duzuen  borondatearekin, baina aipatzekoa da Plan hori 2021ean onartu behar dela eta ez dugula horretarako denborarik.

Nolanahi ere, zuen  ekarpen berriak jasotzeko prest egongo gara beti, aurrez jasotakoaz gain eta planaren garapenean, zuen ekarpen  berriak kontuan hartuko ditugula jakin ezazue..

Udalbatzak Plana onartzen duenean, hasiko da benetako lanketa  eta jakin ezazue  Planean jasotako ekintzak Mendaroko  herriari egokituak bideratu nahi ditugula eta horretarako ezinbestekoa  jotzen dugu Mendaroko eragile  guztien lankidetza eta bereziki zuen taldearena.

Plana, 4 urtetarako izango da (2022-2005) eta  une oro, dinamikoa eta aldagarria izatea nahiko genuke, beraz zuen ekarpenak eta lankidetza beharrezkoak jotzen ditugu.

 

Eskerrik asko denagatik."

Gure erantzuna ondorengoa izan zelarik, udal agintariekin elkarbanatuaz:

"Egun on guztioi!

Email honetan adierazten dituzuen hitzak ez datoz bat udalaren ekitearekin;

-Tratu Onen Aldeko lantaldeko ordezkaritza egon da berdintasun planaren inguruko saio partehartzaile guztietan, dokumentuan jaso ez diren ekarpen zehatzak eginaz.

-Irailak batean luzatu genuen dokumentu bat eta bilera eskaera, erantzuna hilabetez luzatu zelarik.Urriak 29an burutu zen bilera geure insistentziagatik eta bertan udal gobernuaren hitza jaso genuen proposamenak luzatzeko aukera izango genuela dokumentuak jaso eta aztertzeko aukera izan ondoren, azaroak 18an. 

-Herritarren talde partehartzailea garen einean, Whatsapp talde ( 52 partaidekoa) handira zabaldu genuen informazioa, jakinaraziz plan zirriborroa jasotzean bilera ireki baterako deialdia egingo genuela proposamenak jasotzeko.

-Eta azaroak 11an jasotzen dugu plan definitiboa ekarpen aukerarik gabe¿?. Plan definitibo honek jasotzen du ahultasun edo kezkarako puntu gisa plan hau garatzeko motibazioa ez dela udaletik sortu, herritarron bultzadagatik baizik; eta beste behin agerian gelditu da hau, emakume eta gizonezkoen artean dagoen arrakala eta honen ondoriozko kalte anitzak ikusarazi, aldatzen saiatu eta tratu onean oinarrituriko eredu alternatiboa lantzeko nahia herritarrona dela, eta ez zaigula erabakitze mahaian lekurik baimentzen. Elkarlanerako oinarriak finkatzeko aukera paregabea galdu dela iruditzen zaigu.


Herritarren talde partehartzailea garen einean barne hausnarketa bat egin beharko dugu, Mendaroko Udaleko II.Berdintasun Planaren garapenean talde gisa  partehartzeko prest gauden edo ez aztertzeko.

Guzti hau kontuan izanda azaroak 18an finkatu genuen bilerak zentzua galdu duela ulertzen dugu, eta barne hausnarketa hau egin ondoren jakinaraziko dizuegu.


Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldea"

Honela, azaroak 18ko bilera bertan behera gelditu zen eta azaroak 16an ondorengo emaila jaso genuen:

"Eguerdi on:

Zuen erantzuna jaso ondoren,  eta zuen parte hartzea ezinbesteko dela adieraziz,  Mendaroko udalak planteamendu berri bat egitea erabaki du: Mendaroko berdintasun planaren onarpen prozesua luzatzea 2022ko urtarrila amaierara, EMAKUNDEren oniritziarekin.

Hau honela, zuen proposamenak jasotzea nahi ditu Udalak,  eta gonbidapena egiten zaizue,  zuen proposamenak udalari bidaltzea, azaroak 30a bitartean.

 Zuen proposamenak jaso ondoren, hauek  udal langileekin eta ordezkari  politikoekin kontrastatuko dira. Ondoren udala eta  Daiteke elkarteak (Udalak plana egiteko a kontratatua  duen aholkularitza elkartea) aztertuko ditu proposamenak eta amaitzeko Udalak erabakiko ditu zeintzuk atxiki Planera, behin behineko Berdintasuna Plana osatuz.

 

Eskerrik asko"

Gure antolakuntza eta lan gaitasuna mugatua izanik, gure indarrak azaroak 25eko programazioaren prestaketara zuzentzea erabaki genuen.

Honek Mendaroko Tratu On Taldeko lantaldean barne hausnarketa baten beharra ikusi dugu, herrian eta batez ere udalarekiko zein funtzio bete nahi dugun pentsatu eta erabakitzeko. Hausnarketa prozesu hau noiz eta nola egin pentsatzen dugunean zabalduko dizuegu zuen parte hartzea eskatuaz.

Urte berri on guztioi! 

  

 

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina